Euskaldunok, atzoko eta gaurko folklore-biltzaileei esker, altxor agortezina dugu sakabanatuta mila eta bat argitalpenetan. Diotenez, munduan herri gutxitan egin da gurean bezalako jasoketa-lanik.
Intxixuak, galtzagorriak, Basajaun, Herensuge, Mari, Tartalo, Atarrabi, Axular, laminak, jentilak... Aberatsak gara mito eta ipuin zaharretan.
Baina zenbateraino ezagutzen ditugu Azkue, Barandiaran, Etxebarria eta beste askok bildutakoak? Gurasoek kontatzen al diete lotarakoan beren haurrei Tartaloren edo Galtzagorrien ipuinik? Galdeketa bat egingo bagenu... "ormatxoria arto artasoroan goserik" zioten gure herripoetek horrelako egoerez aritzerakoan.
Bada lan bat erakunderen batek egin beharrekoa, azkar eta serio: hain sakabanatuta dauden testuak bildu, ordenatu, euskarri informatikoeran eta abar ipini, eta ikertzaile eta idazleen eskura jarri.
Eta badira beste lan batzuk argitaletxe, idazle, gidoigile eta abarrei dagozkienak. Bat: gure ipuin zaharrak, behar bezala egokituta, liburu atseginetan argitaratu, nagusiei zein haurrei zuzendutako agerkarietan.
Bi: Pertsonaia mitikiak oinarri hartuz, historia berriak sortu, ñabardura berriak, eta komeni bada moderniak (futuristak edo zientzia fikziozkoak ere bai, zergatik ez) erantsiz.
Hiru: arnasa luzeko obrak sortu. Denok dakigu nolako arrakasta izan duten marrazki bizidun eta komikietan Europa iparraldeko Gnomo eta Pottokiek. Gure marrazkigile eta gidoilariak ez ote dira gauza izango bide horri jarraitzeko? Ezin esango dugu, behintzat, harrobian ez dugula aurkitzen gure zizelaren mailako harririk.
Umeak izutu behar badira, aukeran, hobe Herensugerekin Squeletorrekin baino.