Site hosted by Angelfire.com: Build your free website today!

Olentzero

Olentzero nolakoa den adierazteko, Olentzero abestia gogoratu besterik ez dugu egin behar. Azken urteotan gurdi batean gainean jaitsi da herrietara, asto batekin. Euskaldun jatorra denez, txapela, abarkak, brusa eta lepoko zapia behatz muturrak bezain bereak ditu.

Euskal Herrian zehar neguaren minean, Gabonetan, neguko solstizio delakoa Olentzeroren bidez ospatzen da, bere omenez egindako festan, gazteek bere irudizko panpina kalez kale eramanez. Kantu ere egiten diote baina, batez ere, eskariak eta puska-batzea. Ondoren, bildutakoarekin afari edo bazkari eder bat egingo dute.

Ohitura hau Kristoaurrekoa omen da, baina erlijioak bereganatu du. Batzuen ustez, mito hau Nafarroako mendialdean edo Gipuzkoako Oiartzualdean jaio zen eta hortik azken mende honetan zabaldu da. Olentzerok opariak ekartzeko ohitura berria da gehienen ustez.

Neure umetan, 70. hamarkadan, opariak Gabon Gauan ziren ekarriak, baina ez genien ohitura hori kale-enparantzetan agertzen ziren Olentzero andrakiei lotzen. 90 urteetan Euskal Herrira orotara zabaldu da Olentzero opari-ekarlea.

Hedaketa hau ez da hezurbeltz batzuen gustokoa izan. Unidad Alavesak, Araban pairatzen dugun eskuindar espainar lelo motzetako alderdi horrek, pegatinetan miñoiak makila eskuan duela Bilbo aldera Olentzero uxatzen irudikatu du. UAk Olentzero uxatu nahian? Luze iraungo du umeak horrela uxatzen dituen alderdi honek...

Mende honen hasieran, Donostian, begi gorriko mamu beldurgarritzat jo zuen Barojak, baina utzi zigun leloak herriko xelebre bati jarria dirudi:

Onentzaro begi gorri,
Nun arrapatu dek 
arrai(n) hori? 
Zurriolako arroketan 
bart arrantzeko amaiketan.
Kanta honen aldaerak
Tximinietatik jaisten zen erraldoi kopeta-beltz honen beldur ziren umeak, behinik behin Zurriolan haurrak harrapatu eta zorro batean eramaten omen zituelako.

Beste batzuek diote Olentzerok 366 begi dituela, urteak adina begi gehi bat. Lantziegon, Arrabar Errioxan, herriko haurrak "ojero" delakoaren bila bidaltzen dituzte, abenduaren 30an. Umeak zein den galdezka hasten direnean, urteak egunak baino aurpegian begi gehiago dituen gizona dela ihardesten diete. (Neuk jasoa)

Jesukristo jaio zen egunak, bere inguruko garaiak bezala, izen asko ditu euskaraz. Eguberri Euskal Herriaren alde gehienetan, Gabonak Bizkaian, eta gainera Gipuzkoan eta Nafarroan, Olentzaro, Orentzero, Onontzaro, Xubilaro, Sukilaro... eta bertzeren bat. Aspaldian Jesusen jaiotze egunean hasten zen urtea. Zehazki Olentzero pertsonaiaren aldakiak Orentzago (Zarautzen), Onentzaro (Lizartzan), Orontzaro (Andoainen), Onontzaro (Baraztegin) eta Oranzaro (Leitzan) dira.

Baina nondik ote dator Olentzaro edo Onentzaro hitza? Azkueren iritziz, hitz horien 2. atala -zaro atzizkia da, garaia adierazten duena (seintzaro, haurtzaro, gaztearo, zahartzaro). Hortaz ba Olentzaro hitzak onen garaia esan nahi du. Severo Altube eta Lekuonaren ustez, Olen, Noel hitzaren metatesia da. Caro Barojak, berriz, zera uste du, Ole atal horrek Prantziako >Oleries, Natibitate aurreko astea delakoaren izenarekin zerikusi handia duela. Aste honek "Les O de Nöel" izena zuen, edo Espainiako bertsioan "Vírgen de O", hau da, Oren birjina edo jaia. Jatorriz, Ertaroan kantatu ohi zen abesti baten lelotik dator izena. Izan ere, Antiphonae majores hauen leloa O deiadarraz hasten zen:
O Sapientia; O Adonai; O Radix Jesse; O Clavis David; O Oriens; O Rex Gentium; O Emmanuel.

Oriens hitzan bertan, nonbait eguzkiaren izen zaharrean, Oren jatorria ikusi dute batzuek. Beste batzuek, aldiz, Greziako pertsonaia mitologiko batzuei, kallikantzaroei eta lukokantzaro giza-otsoei, lotu diete gure Gabonetako pertsonaia ezaguna.

Azkenik, Olez euskal hitzetik datorkigula erraten dutenak ere badira. Olez abesti baten izena da. Oraindik ere Bizkaiko zenbait herritan, olez-ole ibiltzeak etxez etxe kantari aritzea adierazten du.


Estekak:
Bianako Erentzun ikastolak Olentzeroren orria jarri du. Olentzerori buruzko Cocowebean erdaraz irakurtzea baduzu. Ingelesez ere, Buberrenean, ipuin xarmangarria duzu. Azkenik, prantsesez ere baduzu zer edo zer
Iñaki Agirre