Site hosted by Angelfire.com: Build your free website today!

Txerren

Izen asko ditu gaizkin honek. Addar, Etsai, Hattan, Munttiot, Txaran, Tusuri, Gazgin, Plaga, Kinkilimarro; denak Deabruaren izenak dira. Debrua bakarra da, honek bereizten du beste gaizkinetatik, hala nola, galtzagorrietatik edo hiru adarrekoetatik.

Bere izena esateak berak arriskua dakar, horregatik batzuek "beste mutila" esaten diote.

Txerrenen beste izenaren berri dakarkigu Anjel "Andu" Lertxundik; Piztiaren izena liburuan:

   -Nola duzu izena? -galdetu zion.
   -Zer axola du izenak? -ozendu zitzaion ahotsa
itsuari, eta bentariak, ikaraturik, putin egin zuen. Ez
zen, ordea, hartutako bidetik urrundu, eta ahalik tonu-
rik lasaienaz erantzun zion emakumeak:
   -Izena daraman guztia da, izan. Ume beraren gura-
so bagara... -pausa egin zuen- jakin beharko nuke
nire sabeleko haurraren aitak izena nola duen.
   Bihurritu, eta itsuak ostikada eman zion gelako lur
hilari. Gero, ezpainak horzkatu zituen. Erantzun ez eran-
tzun egon zen pixka batez, baina zeru ertzerainoko bidea
bezain luze egin zitzaion bentariari isilune labur hura.
   -Akilimarro! -esan zuen itsuak piperturik, gogoz kontra.
   Katua marruma egin zuen gela ondoko bazterren
batetik. Tximinieako suak txinpart urdinak jaurti zituen.
Lainoren batek eguzkia estali zuen, gela ilundu egin
baitzen bat-batean.
Akilimarrori esaldi hauek abesten diote umeek:
- Akilimarro kakanarro,
infernuan dabil harro.
-Infernuan zertan?
-Mutil gaiztoen erreketan.
Galdeketa honek Olentzeroari jarritakoa ekarri dit burura. Izena eta iraina, galdera (zertan haiz, azken batean) eta irrikitan gaudela ematen zaigu erantzuna. Akilimarro eta Olentzeroren arteko harreman eskutua, edo ume antzezlanen arketipoa ote? Batek daki.

Aipa ditzagun, kakanarru irain honen karira, umeen izu-mizu batzuk: kokomarro, sanbarranbau, marro, samo, hamalau zaku, amiamako, zikilimarrau, zomorro, mamarro, mozorro. Nahiko kakalardo dager, ez da? Intsektuak, imintzio edo mozorroak eta izu-mizuak. Itzuliko gara horretara. Kokoak bazter utzita, bereiz ditzagun hamalauak eta marrauak, zeren gure arbasoaren hots urrunak litezke.

Ume jolas batzez agurtuko dugu lagun hori:

- Zikilimarrau,
jan zak haur hau!
- Bihar edo gaur?
- Gaur, gaur, gaur!
Txerren erdalduna da. Zazpi urtez egon zen Euskal Herrian eta ez zuen ikasi ahal izan ez eta bai baizik euskaraz. Eta Baionako Santi Espirituko zubia igaratean haiek ere ahantzi zituen.

Deabrua eta gaua lagun dira. Izpiluak ere badu gustoko. Gauez izpilura sarri begira dabilenari Txerren agertuko zaio.

Prakagorrik atzetik ibili ezkero, honokoa esaldia bota behar da :"Martiko oilartxo gorria, izan zakizkit balia". Edo "Marti-oilartxo gorria: oraintxe nigaz akordatzen ez bazara, badoa nire bizia". Oilarrak jotzen badu, ez zara galduko.

Deabruak egiten ditu sudur-mintzetan kilimak. Usin egiten dugunean, argi ibili ezean, arima lapurtuko digu. Horregatik domitistiku esan ohi da, hots, latinezko domines tecum-dikako jauna zurekin.

Deabruaren izenak

  • Addar
  • Akilimarro
  • Asmodeo
  • Astarot
  • Astarte
  • Baal
  • Barraban
  • Belfegor
  • Belial
  • Beltzebu
  • Dagon
  • Deabru
  • Etsai
  • Galtxagorri
  • Horus
  • Kamos
  • Laxaborrete
  • Lebiatan
  • Luzifer
  • Mammon
  • Moloch
  • Osiris
  • Rimnon
  • Satanas
  • Tammuz
  • Txerren
  • Xakerre
  • Zilikimarrau

    Deabruaren ezizenak

  • Izarretako arrantzale
  • Lehorreko arrantzale
  • Aingeru ilun
  • Ilunaren agintari
  • Infernuko unai
  • Infernuko harroxko
  • Hego-beltza
  • Infernuko Patxi
  • Gezurraren aita
  • Sulezeko galgarri
  • Aker-bizar
  • Aingeru lohi
    Zer edo zein da Marti? R. M. Azkuek martxoa ulertu zuen. Niri Harzkumeren ezizena bururatu zait. Antzeko Martin bat agertu zen nahastua sorginekin: "Besoa kraskatutako zurezko gurutzeak nabari dira bideetan. Sorginek egiten omen dute, beren martintxok horrela aginduta" (Relación de las maléficas de Cantabria). Badirudi Martin edo Matxin erabilia izan dela deabruaren pertsonifikazio gisa. Mogelen Peru Abarka-n ere: Matxin akerra makerrakoren aker adar okerra baino akerrik okerrik ez dut ikusi nik
    Iñaki Agirre