Behin, erbesteko gizon bat etorri eta Santa Eufemia mendira joan zen. Han aurkitu zuen Tartalo artzantzan. Arrotza, halako gizona ikusi zuenean, beldurrez dardarka hasi zen. Halako batean, Tartalok gizona ikusi eta eskuaz keinu bat egin zion, joateko esanez. Ardia biltzen eta etxera eramaten laguntzeko agindu zion Tartalok, eta gero elkarrekin afalduko zutela. Horrela bada, haitzuloan sartu zituen ardi guztiak. Harri handiaz itxi zuen Tartalok hartzuloa eta afaria prestatzen hasi zen. Ene!, ba al dakizu zer ikusi zuen erbesteko gizonak?. Tartalo gizon-hanka bat ari zen su gainean erretzen. Gizonak, hurrengoa bera izango zela pentsatu zuen. Tartalo bitartean gizon hanka erretzen ari zen eta ondo erre zenean mahaira atera zuen eta zatitu. Gero, eskuz hartu eta marraska-marraska jan zituen puskak, tarteka ardo zurrutada batzuk edanez. Zurrutada bakoitzean asko edaten zuen. Sekulako mozkorra harrapatu zuen berehala. Gero, ardoak logale handia eragin zion eta mahaian bertan zurrungaka hasi zen. Tartaloren zurrungek dardarka jarri zuten kobazulo osoa. Bitartean, erbesteko gizonak poliki-poliki sutan sartu zuen burduntzia eta han utzi zuen gori-gori jarri arte. Halako batean, Tartalok buelta eman zuen eta istant batean gizonak burduntzia hartu eta begi bakarretik sartu zion. Tartalok izugarrizko garrasia egin zuen eta gizona artaldean izkutatu zen.
- Arraioa, arraioa!
- Esaten zuen Tartalok.
- Harrapatuko zaitut, bai!. Ez duzu nire hatzaparretatik ihes
egingo.
Eta ostiko batez zabaldu zuen kobazuloko atea. Tartalok kobasarreran hankak
zabal zabalik jarri zituen, eta ardi guztiak banan-banan kanpora ateratzen hasi zen.
Erbesteko gizonak asmatu egin zituen Tartaloren asmo txarrak. Leize barruan zintzilik zegoen ardi larru batez, bere buruan estali eta lau oinean jarriz ardien artean sartu zen. Halako batean, Tartalok gizona biltzen zuen ardi larrua hartu eta kanpora bota zuen. Baina larrua bota bezain laster, ardi hura besteak baino astunagoa zela konturatu zen. Eta haserre bizian oihu egin zuen: - Nireak egin du, horixe zen eta nire etsaia.
Azkenean, oinazean eta gosean hil zen.
Makinarrak Tartaloaren heriotzaz jakinez arras poztu ziren. Bidaiaria agurtu ere egin gabe joan zen, eta atsekabea franko iragan zuen eure herrira itzuli arte. Baina hori beste pasadizo bat da.
Gau batez tartaroa einherik jin zuzun eta lo jarri zuzun su-bazter khantian. Orduan haurrak ze ez du egiten? Hartzen dizu gerren bat eta irazten diozu boronteko begi bakoitza. Gero tartaroaren aharien artean gordatzen duzu. Bortha ez baitzuen idekiten ahal, ez zakizun nola behar zuen eskapatu. Hartzen dizu aharirik handiena eta lahardekatzen dizu; gero, haren larruaz inguratzen duzu, eta tzintzarria lephoan ezarten dizu.
Biharamenean tartaroa abiatzen duzu aharien kanpo igortera, eta jartzen duzu bortha saihetsean haurra eskapa ez dakion. Haur hori egoiten duzu emeki emeki azkenetarik; bena tartaroak hunkitzen zitizun igaitean ahariak oro. Haurran hunkitzearekin ezagutzen dizu eta lotzen ziozu ilhetik; bena larrua utzirik, haurra eskapatzen ziozu. Orduan tartaroa lasterrez abiatzen ziozu ondotik, bena ez zitezun gida. Urthikiten diozu erhaztun eder bat, hura har dezan. Haurrak hartzen dizu eta ezarten erhi txinkarrean. Bena erhaztun harek oihu egiten zizun:
- Ni hebe, ni hebe!
Eta orduan tartaroa lasterrez huna ziozun haurrari eta hatzeman abantzu zizun. Nahi zizun erhaztuna ideki, bena ez zirozun. Zer egiten zu orduan? Erhia mozten dizu eta urthekiten dizu bere erhaztunarekin - ur handi bat beit zen- harat.
Erhaztuna ari beit zen aitzina oihuz "ni hebe, ni hebe", tartaroa ur hartarat jauzi zuzun eta han itho.
Beste erraldoi batzuek ere keinuz adierazten dute zer nahi duten, mutuak bailiran. Txerrenek ere ez daki euskaraz